2016(e)ko maiatzaren 26(a), osteguna

Ibilaldia 2016, danok Durangora! Dagigun!

Gogoratu, datorren igandean, maiatzak 29, Ibilaldia 2016 ospatuko dela Durangon Dagigun lemapean. Bertan ikusiko dugu elkar!



2016(e)ko maiatzaren 19(a), osteguna

Euskal Kantu Txapelketa

Euskal Kantu Txapelketa izango da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian maiatzaren 22an, igande honetan, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara.

Euskal kultura gurasoak dira

Tamalez, eta inbidia handiz aitortzen dut, ez zait niri bururatu zutabe honi titulua ematen dion esaldia; Unai Iturriaga (gero eta gutxiago) bertsolari eta (gero eta gehiago) irudigileari lapurtu diot Jakin aldizkariaren azken zenbakiko kontrazaleko komikitik, eta lapurtu badiot izan da iruditzen zaidalako esaldi horrek kondentsatzen dituela euskal kulturak dituen transmisio arazo gehientsuenak. Zorrotz eta umorez, gainera. Marrazkian, Haizea izeneko neskatoa negarrez ari zaio aitari Durangoko Azoka hartzen duen Landako gunearen aurrean, udaberria delako oraindik eta han ez dagoelako ez azoka, ez liburu, eta ez beste ezeren arrastorik ere. Hor dator esaldia: «Zergatik ez zara, behingoz, egia esatera ausartzen, aita: euskal kultura ez da existitzen, euskal kultura gurasoak zarete!».

Ez da erabat egia, noski, existitu existitzen delako euskal kultura udaberrian ere, eta nekez, baina topatzen dituelako gurasoez bestelako transmisio bideak ere tarteka. Fabore gutxi egingo dio kulturgintzari, ordea, esaldian egia puska handi bat ikusteari uko egiten dionak; izan ere, kendu ume bati euskal kulturaren transmisioarekin seko tematutako gurasoak, eta zer bide du euskal kulturaraino heltzeko? Eskolan egongo da irakasle entusiastaren bat, eta badaude bateko eta besteko egitasmoak, baina azterketetako erantzunetara mugatuko da maiz igurtzia. Nostalgiarako tarte gutxi, ordea, antzera izango baitzen beti. Kontua da orain tresna zorrotzagoak edukitzeko aukera dagoela, eta ordua dela desafioari behar bezala heltzeko. Bestela, karikaturazkoa izango da aurrerantzean ere egoera: euskal kultura transmititzeko politikak ez dira existitzen; kultur politika gurasoak dira.
                                                                                                   
2016-05-15 / IƱigo Astiz

2016(e)ko maiatzaren 12(a), osteguna

Tradizioa eta abanguardia eskutik helduta

Kukai Dantzaren eta Bartzelonako La Veronal taldeko Marcos Morau koreografoaren elkarlanetik sortutako Oskara ikuskizuna izango da, bihar, 22:00etan, Elorrioko Arriolan ikusgai. Jon Maya Kukai taldeko kideak zuzenduriko lana da Oskara, eta Bartzelonako El Conde de Torrefiel taldeko Pablo Gisberten dramaturgia dauka.


Maiatzaren 14an Balearen Eguna ospatuko dute Orion

Maiatzaren 14an Balearen Eguna ospatuko dute Orion. Mareak gora-behera, eguerdi partean egingo dute eguneko ekitaldi nagusia. Itsasadarran barrena ekarriko dute balea traineruek moila pareraino, eta horretarako baldintza egokiak izan daitezen marea gora izatea komeni da.

2016(e)ko maiatzaren 5(a), osteguna

"Muxua" antzezlana

Atzo, DBHko ikasleak Arriolara joan ziren "Muxua" antzezlana ikustera. Bertan, irakasle zein ikasleen bizipenak, emozioak, harremanak, homosexualitatea eta homofobia gaiak lantzen dira. Antzerki intimo bat dela esan genezake, egunerokotasunean barnean bizi ditugunak kanporatzen baititu. 

Maiatzeko idaztaraua

Gure bi munstrotxoek ondo azaltzen duten bezala ez da berdina "elkar" edo "elkarrekin".